Euskadi.net
Español Euskara Kulturklik
Euskal Kulturaren Gune Elkarreragilea
español
Hasiera » Albisteak » Etxepare Euskal Institutuak ateak ireki ditu

Etxepare Euskal Institutuak ateak ireki ditu

2010-10-29

Inaugurazioaren irudia. Argazkia: Txetxu Barandiaran

Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Aizpea Goenaga Etxepareren zuzendariak institutuaren egoitza eta irudi korporatiboa aurkezteaz gain, Etxepare martxan jarri zenetik orain arte aurrera eramandako ekimenen errepasoa egin dute eta aurrera begirako proiektuak aurkeztu dituzte gaur goizean Etxeparek Prim kaleko 7. zenbakian duen egoitza berrian egindako komunikabideen aurreko agerraldian eta egoitzaren inaugurazioan.

Euskara eta euskal kultura mundura ateratzeko sortua da Etxepare Euskal Institutua, Espainiako Instituto Cervantesek, Kataluniako Ramón Llull institutuak edota Frantziako Alliance Francaisek, besteak beste, egiten duten moduan. Baina horrez gain, Etxepareren helburua da baita ere munduan euskal kulturari leihoak zabaltzea, kultur ekintzak promozionatu eta ikusgai jarriz.

“Euskal produkzio kultural guztiak du tokia etxe honetan. Euskaraz egiten denak, gaztelaniaz egiten denak eta hizkuntzarik ez duenak”, esan du Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari den Aizpea Goenagak. Era berean, Etxepare Euskal Institutuak izango duen zubi papera azpimarratu du: “Euskara eta euskal kulturaren enbaxadoreak izango gara atzerrian, mundua euskaldunago eta Euskal Herria mundutarrago egiteko egingo dugu lan”.

Lehen pauso hauek ematearekin batera, kultura munduko aurpegi ezagun batzuen atxikimendua izan du Etxepare Institutuak, tartean Bernardo Atxaga, Lucia Lacarra, Javier Aguirresarobe, Pedro Miguel Etxenike, Mikel Urmeneta eta Edurne Pasabanenak, besteak beste.

Etxepare Institutua berria den arren, bere zuzendari Aizpea Goenagak azpimarratu du lana ez dutela hutsetik hasiko: “Asko zor diegu aurretik Etxepare Institutuaren helburuen ildotik lan egin izan dutenei. Orain guk norabide berria eman nahi diogu lehen egindakoari, bide berriak eraiki”. Eta egiteko horretan bakarrik aritu ez dadin, Etxepare Euskal Institutua buru-belarri ari da bertako eta kanpoko erakunde eta elkarteekin etorkizunean funtsezkoa izango den harreman sare zabal bat lortzeko.

Blanca Urgell Kultura sailburuak gogoan izan du bere hitzaldiaren hasieratik bertatik Euskal Institutuari izena eman zion Bernart Etxepare. Idazleak 1545ean idatzi zituen hitzak dira Euskara, jalgi hadi plazara, Euskara jalgi hadi mundura, eta Urgellen aburuz, gaur, 500 urte geroago, globalizazioaren, komunikazioaren eta Interneten egun hauetan, Etxepareren aldarria egia bihurtzeko aukera parerik gabea da: “Asko izan dira urte, hamarkada eta mende hauetan Bernart Etxepareren hitz horiek bere eginda, munduan Euskara eta euskal kulturaren enbaxadore bihurtuta lan bikaina egin duten pertsonak, idazleak, eskultoreak, margolariak, abeslariak, zinemagileak, sukaldariak, musikariak… besteak beste. Zorionez, Euskara eta euskal kultura atera dira plazara, atera dira mundura. Etxepare Euskal Institutua orain arteko lan horri bultzada berria ematera dator. Indarrak batu, koordinatu, eta euskara eta euskal kulturarentzat leiho berriak irekitzera dator”.

Ekainetik orain arteko jarduna
Aurtengo ekainean, Aizpea Goenaga zuzendari izendatu ostean hasi zuen bere jarduna Etxeparek. Ordutik egoitza berria eratzeaz gain, datozen bi urteetarako plan estrategikoa diseinatzen dihardu. “Gaur hemen aurkezten dizuegun egoitza hau da Institutua gorpuzten ari denaren erakusgarri. Baina egoitza gorputza besterik ez da, mamia, ordea, hemen eta kanpoan aurrera daramagun lana da. Bi urterako plan estrategikoa ixtear gaude eta hemendik aurrera horretan oinarrituko dugu gure lana”, azaldu du Goenagak.

Dena den, hainbat egitasmo eraman ditu dagoeneko aurrera Etxeparek. Esate baterako, euskal-amerikarrak Euskara irakasle izateko prestatuko dituen programan parte hartuko du. Programa horren helburua erkidegoko euskal-amerikarrekiko loturak indartzea eta euskara lurralde horretan zehar zabaltzea da.

Horrez gain, Etxepare Institutuak Berlingo Freie Unibertsitatearekin hitzarmena berritu du irakurletza programak aurrera eramateko. Aurten Mikel Babiano ariko da irakurle lanetan eta bi ikasle talde izango ditu bere ardurapean. Beste Unibertsitate batekin ere egin du hitzarmena Etxeparek, Birminghamekoarekin hain zuzen ere. Unibertsitatean Euskara ikasi ahal izateko hitzarmena egin du Unibertsitatearekin. 2013ra bitartean Euskara ikasteko aukera izango da Birminghameko Unibertsitatean eta Xabi Paya bertsolariak emango ditu eskolak.

Azkenik, Frankfurteko liburu azokan hartu du parte Etxeparek. 62. edizioan mundu osoko 7.533 stand izan ziren Frankfurten; horien artean, besteak beste, EEE (Euskal Editoreen Elkartea) eta Alberdania eta Ttarttalo argitaletxeek osatu zuten euskal ordezkaritza. Zentzu berean, Londresko The The Language Show 2010 hizkuntza azokan ‘Munduoro euskaraz’ stand-a aurkeztu du. Azken batean, Goenagaren hitzetan, bateko eta besteko ahalik eta jende gehien euskarara eta euskal kulturara erakartzen saiatuko da Etxepare: “Euskararen eta euskal kulturaren enbaxadoreak izango gara atzerrian. Mundua euskaldunago eta Euskal Herria mundutarrago bihurtzeko lan egiteko asmoa dugu”.

Aurrera begirako proiektuak
Behin plan estrategikoan lan-lerro nagusiak zehaztu ostean, Etxeparek buru-belarri jarraituko du euskara sustatzeko eta hedatzeko proiektuak aurrera eramaten. Azaroaren 2tik aurrera, EHUko irakaslea eta Etxepare Institutuaren Patronatuko kide Mari Jose Olaziregi andrea izango da Etxepare Institutuaren Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako Zuzendaria.

Bere zuzendaritzaren ardurapean geratuko dira nazioartean euskara sustatu eta hedatzeko emango diren ekimenak, baita euskaraz sortutako kultura-ekoizpenari dagozkionak ere, hala nola, euskal literaturari. Hurrengo urterako aurreikusten diren ekimenen artean, honakook azpimarratu ditu Olaziregik: gaur egun munduko unibertsitateetan dauden 24 irakurle sareren diagnostikoa egitea. Irakurleen baliabide eta formazio beharrak zehaztu ondoren, 2011ko udan Excellence in Basque Studies ikastaroa antolatuko da euskara irakurleentzat; irakurle sarea zabaltzea, unibertsitate berriekin hitzarmenak sinatuz. Hauetxek dira 2011-2013rako herrialde estrategikoak: Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta AEB; euskal Ikasketen Katedrak sortzea prestigiozko unibertsitateetan. Lehenengo pausoak eman dira AEBetako zenbait unibertsitaterekin; euskal kultura jarduerak programatzea irakurle sarean mugitzeko; hitzarmenak sinatzea hainbat erakunderekin, hala nola, Instituto Cervantesekin, Institut Ramón Llull-ekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin edota Literature Across Frontiers Erakundearekin; Etxepare Institutuaren webgune berria eratu eta hornitzea; eta euskara eta euskal kulturari buruzko katalogo, triptiko eta bestelakoak ekoiztea. Epe laburrera egingo diren ekintzen artean Euskara munduan zehar ezagutzeko kanpaina bat eta kultura adierazpide ezberdinak uztartuko dituen ikuskizuna aipatu ditu. Azken hau, Fernando Bernués zinemagileak zuzendua izango da.

Albiste bilduma [PDF - 231 KB]

Edukiak partekatu:
  • E-posta
  • Del.icio.us
  • Facebook
  • Google Bookmarks
  • FriendFeed
  • LinkedIn
  • Twitter
  • Identi.ca
  • Bitacoras.com
  • Meneame
  • Aupatu
  • Zabaldu
  • PDF

Iturria: Kultura Saila

Lizentzia:  Copyright

Kategoriak: Arlo berriak, Diseinua, Bestelakoak, Arte eszenikoak, Artisautza, Artxibategiak, Liburutegiak eta Mediatekak, Ikus-entzunezkoak, Ikusizko arteak, Joerak, Kultura Euskaraz, Literatura, Museoak, Ondarea, musika

Etiketak: , , , , , , , , , , , , , , , , , , , , , ,

Eduki interesgarri gehiago:

Iruzkinak egin

RSS 2.0 Feed-en bidez, sarrera honek izandako edozein erantzunen jarraipena egin dezakezu. Trackback edo erantzun bat utz dezakezu.
Izena (*)

E-posta (ez da argitaratuko) (*)

Webgunea
Iruzkina